Aurrez aurreratu genizuen bezala, aurten ere, Gaztedi badabil Euskaraldian parte hartzeko asmotan. Aurtengo edizioan aldiz, ariketa sozial honetako antolatzaileek garrantzi berezia eman nahi izan diete entitateei eta horretarako, aurrez ezagutzen genituen Ahobizi eta Belarriprest roletaz gain, aurten Arigune deritzenak proposatu dituzte.
Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Honen bitartez, Euskaraldian parte hartzeko konpromezua pertsonala izatetik kolektiboa izatera igarotzea lortzea da helburua.
Gaztediri dagokionez, hasiak gara aurtengo Euskaraldiaren prozesuan parte hartzen. Orain Ariguneen identifikazioarekin bukatzen eta ariketa egitearen adostasuna bilatzeko prozesuari ekitear gaude. Baina esan beharra dugu, bide honetan ez gaudela bakarrik, Euskaraldiko antolakuntzako arduradunak eta Emuneko aholkularitza ere oso hurbiletik jarraitzen ari dira gure ibilbidea eta uneoro erakutsi digute edozein gauzatan laguntzeko borondatea.
Aste honetan telebistan iragartzen hasi den Euskaraldiaren propaganda ere ariketa sozialeko antolakuntzaren babes gisa ulertzen dugu. Izan ere, iragarkian parte hartzeak harrotasunez betetzen bagaitu ere, aldi berean egiten ari garen lanaren aitortza bat da.
Hortaz, gure eskerrik beroena Euskaraldiko antolakuntzari ariketa honetan egiten ari den lanagatik eta entitateoi ematen diguten babes guztiagatik, baina batez ere eskerrik asko prozesu guzti honetan bidelagun zaituztegun pertsona guztioi!
GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN!
No hay comentarios:
Publicar un comentario